Musée Basque de Bayonne-Baionako Euskal Museoa
BIBLIOTHEQUE -CENTRE DE DOCUMENTATION DU MUSEE BASQUE
Catalogue
La bibliothèque
Informations pratiques
Exposition au Musée Basque
A-
A
A+
Accueil
Sélection de la langue
Français
Adresse
BIBLIOTHEQUE -CENTRE DE DOCUMENTATION DU MUSEE BASQUE
Musée Basque et de l'Histoire de Bayonne Château-Neuf Place Paul Bert
64100 BAYONNE
France
05 59 59 57 50 05 59 59 57 54
contact
0 0 0
Retolaza, haurren laguna, beti zaituzkegu gogoan
2014-03-16 / Xabier Kintana - Euskaltzaina
0
0
0
Jose Antonio Retolaza jauna hil zaigu. Orain 84 urte jaioa genuen Bilbon, eta bere bizitza luzean zehar euskararen aldeko ekintzetan ibili zen buru-belarri murgildurik. Bere bizitzaren lehen aldian apaiza zelarik, bera izan zen munduan lehen meza euskaraz eman zuena. Arrazolako parrokoa izan zen, baina herrian euskara irakasten zuelako bertako alkatea, probintziako gobernadorea eta apezpikua bat etorri ziren handik botatzeko.
Liturgia euskaraz emateko lehen pausoetan ere hantxe ibili zen lanean, Jaime Kerexetarekin batera, eta Jesukristoren Barri Ona eta Eguneroko meza liburuak eman zituen argitara. Gaurko ikuspegitik lan horiek apalak irudi dakizkiguke. Hala ere, euskal ekintza guztiak frankismoak ia erabat debekaturik zeuzkan garai hartan, hura aurrerapauso handia izan zen. Beste horrenbeste esan daiteke Retolazak haurren inguruan egin zituen bestelako lan bikainez ere. Horiek ere ez ziren, egia esan, aparteko obra gotorrak izan, ez neurriz ez eta mamiaz ere, baina euskal kulturaren orduko egoeran behintzat basamortuan egarriz hiltzen ari denarentzako ur fresko gertatu ziren. Berez, ume eta gazteentzako argitarapen xumeak ziren, eta horien artean bertoko ipuinak, arrotz-ipuinak eta Iparragirreren bizitza liburuak aipa ditzakegu haren eskutik helduriko liburuen artean.
Horiez gainera, haren sormenak beste opari bat eskaini zigun: Kili Kili, hots, bizkaieraz «Kilima» zeritzon ume-pertsonaia, Retolazak berak asmatua. Horren inguruan 1960 hamarkadatik izen bereko haur-aldizkari edo komikia ateratzen jardun zuen. Beti isil-isilik, nabarmendu gabe, garai hartako haurrei irakurgai barregarriak opatzeko. Segur asko ideia horretan oinarriturik, sortuko zen, geroxeago, Gipuzkoako Ipurbeltz bele begikoaren aldizkaria.
Harrezkero haurrentzako liburugintza izugarri hazi da gurean, eta hori ikusteko edozein liburudendatara sartu eta begirada bat egitea besterik ez dugu. Oraingoak, zer esanik ez, liburu dotoreagoak, koloretsuagoak dira, eta gehienak beste hizkuntzetatik itzuliak ere bai. Baina Retolaza jaunak, kanpoko iturriak baztertu gabe, bertoko kulturari ere begiratzen zion, inoiz, pertsonaien janzkeran eta, baserritar kutsua nabarmenegi agertzen bazuen ere. Hori ere orduko giroa zen, beste askok, tamalez, euskal kulturaren alde ezertxo ere egiten ez zutenekoa. Bere garaiko beste euskal elkarte batzuekin ere lanean ibili zen, batez ere umeen munduan, jaiak, mendi-ibilaldia etab. antolatuz.
Hainbat urtetan gure hizkuntzaren alde egindako lana eskertzeko, Euskaltzaindiak, jada 1975ean euskaltzain urgazle izendatua bazuen ere, 25 urte geroago, 2000an, Euskal Akademiaren ohorezko kide izendatu zuen.
J.A. Retolazak ez du aurtengo udaberria ikusteko aukerarik izan, baina bere ekimenez euskaraz irakurtzen eta mintzatzen irakatsiriko haur haiek orain beren seme-alabekin segitzen dute, euskararen udaberri honetan, Retolazak hasiriko bidea zabaltzen, beti aurrera. Haren alargunak eta senideek harrotasunez gogoratuko dute.